XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Prozesu hau gauzatzeko euskaldunok azken urte hauetan jaso dugun esperientzia eta kultura izan dugu. Euskal Autonomia Erkidegoan, azken urte hauetan, gobernu-koalizioak izan dira eta bertan ordezkari politikoek erantzukizuna erakutsi dute, bai eta, beren ideia politikoak baztertu gabe, aurrerabidea, kohesioa eta gizarte-justizia bultzatu duten akordioak lortzeko eta euskaldunen bizi-kalitatea areagotzeko gai izan direla erakutsi ere.

Oraingoan ere datozen lau urteetan euskaldunok aurrean izango ditugun erronkei aurre egiteko Euskadiri egonkortasuna emango dion gobernu-akordioa lortzeko erantzukizun handia erakutsi behar da.

Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco eta Eusko Alkartasuna alderdiok Euskal Autonomia Erkidegorako koalizio-gobernua osatzeko akordioa lortu dugu, hasiera eman behar zaion VI. Legegintzaldiaren eta euskal gizarteak aurrean dituen erronken garrantziaz arduratuta.

Koalizio hau alderdi abertzaleok soilik osatzen dugu eta halakorik ez zen 1991. urteaz geroztik gertatu.

Baldintza eta ezaugarri hau guztiz baliagarria izango da euskal gizartearen integrazio eta kohesio helburuak eta fronterik ez egotea burutzapen aipagarriena dela eta orain hasten den legegintzaldi honen praktika politikorik ohikoena dela herritarrei argi eta garbi frogatzeko.

Aldi berean, herritarrek berek EAJ-PNV/EA Jaurlaritzak autogobernua sakontzeko duen helburuaren xede bakarra gizarte justuagoa eta garatuagoa eraikitzea, gero eta ongizate-maila handiagoa duen gizartea eraikitzea dela egiaztatu ahal izango dute. Izan ere, bi alderdiak garapen ekonomikoaren mailaren, ongizatearen mailaren eta autogobernuaren bolumenaren artean erlazio nabarmena dagoela jabetzen dira.

Ildo honetan, EAJ-PNV/EA koalizio-gobernuak honako esparru politiko honek eskaintzen dituen autogobernu aukerak eta, bereziki, izaera bereizgarria onartzearen ondoriozko aukerak ahalik eta gehien finkatu eta garatu nahi ditu, autogobernua finkatzeko prozesuan aurrera egiteko.

Helburu hauei guztiei gizarte baketsu eta normalizatua bilatzea eta lortzea gaineratu behar zaie. Gobernu honek elkarrizketa politiko eta negoziazio-prozesu ireki eta elkartzailearen bidez, aldez aurreko baldintzarik gabe eta aukera baztertzailerik gabe sustatu eta lortu nahi du helburu hau.